Literatura eta musika uztartzearen aurrerabidean, Bernardo
Atxagaren Henry Bengoa Inventarium (1986) lana aitzindaria izan
zen. Zuzenean emateko lana izaki, egileaz gain Ruper Ordorika,
kanta eta musika erantsiz, eta Jose Mari Iturralde, hitzezkoan,
funtsezko partaideak izan ziren. 1986ko urtean eta ondokoetan
hainbat herritan ibili ziren, Alberto eta Nando de la Casa anaiekin
batera, zuzeneko emanaldiak eskaintzen. Grabazio bat ere egin
zen (1987), Emak Bakia zigilupean eta Elkar disketxearen eskutik
argitaratua, kaseta euskarrian, desmartxa eta esperientzi horren
testigantza uzteko helburuarekin; erran nahi baita, borondate
handiarekin, bitarteko xumeekin eta bestelako pretentsiorik
gabe.
Oraingo ekoizpen hau -Pamielak argitaratzen duen Littera &
Musika bilduma honetan doana- master orijinala (1987koa, beraz)
erabilita egin da, garai eta testuinguru hartako oihartzun zuzena
delako eta, oraindik ere, arlo horretan testigantza bizia izaten
dirauelako.