Euskal Herriko kaleetan dugu eztabaida: Galdu ote du Arrasateko
kooperatibismo globalizatuak bere arima? Arrazoi ekonomikoaren
eta pentsamendu bakarraren biktima izan ote da? Ba ote du gaur
enpresa eta gizartea eraldatzeko asmorik? Edo bere burua haztea
beste helbururik ez duen egitasmo iparrik gabea ote? Bultzada
etikoa eta izaera bihoztuna abandonatu ote ditu arrakastaren
etorbidearen kale-kantoiren batean?
Kooperatibismoaren kontraesanak areagotu dira aro globalean.
Eta arriskutsuena zera da: jokabide etikoago baterako beharrezkoak
diren kontzientzia oinarriak makaltzea, soro kulturala ahitzea.
Behin erresistentzia horiek amilduta, ateak parez pare zabaltzen
baitzaizkio eraginkortasuna besterik bilatzen ez duen ekintza
ildoari.
Mendebaldeko kulturari antzeko bekatua egozten zaio: bitartekoetan
perfekzioa eta helburuetan konfusioa. Horregatik, dibanean jarriko
dugu modernitate kapitalista, testuinguru historiko zabalagoak
pistak emango baitizkigu Arrasateko kooperatibismoaren patologia
posibleaz.
Ondoren, Arrasateko kooperatibismoari eskatuko diogu etzan dadin,
eta bere bihotz-barrunbeak haztatuko ditugu; bere iraganeko
zentzu kolektiboak, gaurko ajeak eta biharko desafioak.