"Barricadaren barrio konfliktibo hartako
semea da idazlea, eta nabaritu egiten da hori lerroetan barrena.
Errealitatea pesadilla siniestroa bihurtzen da zenbaitetan,
baina ihes betea zilegi ez den lekuan, ez dago aukera askorik.
Ihes egin nahi nuen, eta ezinezkoa zela ohartu nintzelarik,
idazteari ekin nion orduan. Fusilatuen hizkuntzan mintzatzen
ikasi nuen, eta esaldi koldarren atzean ezkutatu nintzen. Baina
tabernetan herdoildu ziren nire hitzak.
Tabernak dira poema hauen beste babeslekua. Tabernak,
gaua, galdutako borrokak, langileen auzoak, lurralde okupatuak.
Eta musika, suak hartutako ezpain eta gorputzekin batera...
Hori da irakurleak eztanda hauetan aurkituko
duena. Disko zaharretako abestiak balira bezala sartuko zaizkizu
zainetan barrena poemak, eta pelikula baten gidoia garela aitortuko
dizu idazleak."
Gari Berasaluze
------
Fertxu Izquierdo, Iruñea
(1975)
Poesia eta literaturaren arloan zenbait sari
irabazi ditu: Iruñeko Egile berrientzako literatur lehiaketan,
poesia sailean bigarren saria (2002 eta 2004 urteetan) eta lehenengo
saria (2003 urtean), Sasoi ilunen melodiak, Inperfekzioak eta
Perpaus herdoilduen pintzeladak lanekin, hurrenez hurren; Lasarteko
literatur lehiaketan, poesia sailean lehenengo saria (2002 urtean);
Uitziko Orixe literatur lehiaketan, poesia sailean lehenengo
saria (2002 urtean); Gaztetxulo aldizkariaren Xelebre press
lehiaketa, kazetaritza sailean lehenengo saria, (2004 urtean)
eta Atarrabiako Pedro de Atarrabia literatur lehiaketan, narrazio
sailean lehenengo saria (2006 urtean).
Horrez gain, kolaborazioak egiten ditu komunikabide
batzuetan: Nabarra, Txantrean Auzolan, Aldapa eta Letras e ideas
aldizkarietan eta Euskal Herria Irratian.
Lotsatien mendekua
«Dedicate a la poesía» esaten
genuen mespretxuz eskolako garaietan norbaitek zerbait egiten
ez zekienean. Poesia, baldarren babesleku izango balitz bezala.
Urte batzuk beranduago, konturatu gara esaldi madarikatu hark
bere zentzua bazuela, eta poesiaren auzuneetan bizitza baldarren
etxolak daudela, bizitza egurtuen babeslekuak, alegia. Horregatik
poesiaren eremura bidaltzen genituen gure lagun baldar guziak.
Gaur egun, ordea, badakigu poesiaren auzuneak
handi samarrak direla eta baldarrak ez ezik, bertan ameslari,
borrokalari, iheslari eta bururatuko zaizkizuen gainontzeko
-ari guztiak biltzen direla.
Era berean, Adam Zagajewski, poeta poloniarrak
dioen moduan, badakigu poesia lotsatien mendekua dela, gure
mendekua, itzaletan bizirautera kondenaturik izan garen guztion
mendekua.
Nire poesiaren auzuneko karrikak dira orrialde
hauetan zeharkatu dituzuenak, azkeneko bost urte hauetan auzo
honetan eraiki ditudan etxetxo, kale eta plaza gehienak.
Kakoren etorbidean bizitza hartzen dute nire
olerkiek. David Mariezkurrenaren txokoan langileen monumentua
altxatzen da harro. Xianaren kaian lurralde indigenekin amesten
jarraitzen duten gerrillariak, oraindik orain, ilargi berdeei
begira daude. Eta Garirena da azken portua, letren iturria ezkutatzen
den lekua.
Benetan zaila izango litzateke kale-izendegi
osoa aipatzea baina nire auzune poetiko honetako karriketan
gainontzeko lagunekin topo eginen duzue, behin baino gehiagotan,
atarietan, tabernetan, kaleetan... planoa ongi irakurri besterik
ez duzue egin behar.
Pamielako lagunei zor diet, azkenik, mapa honen
kartografoak izatea, Angel Irigaray, Txema Aranaz eta gainontzekoak.
Esker anitz guztioi.
Zuentzat orduan lerro hauek, poesiaren kale estuetan
gal zaitezten.
Lotsatien armadak mendekatzeko prest dago. Egin
ezazue behar duzuena.
Fertxu.
Iruñea, 2006ko urriaren lehena.