Imajina dezagun egoera; pentsa dezagun bonbardatuak, metrailatuak,
erreak izan ziren biktimengan, edo kartzelatuak, beren ondasunez
desjabetuak, beren hizkuntzan mintzatzeagatik mehatxatuak izan
zirenengan –¡Habla en cristiano!–; pentsatu
gainera hogeita hamar urte luzez ez zutela gertatutakoa kontatzeko
aukerarik izan –nork erre zuen Gernika?–; pentsatu,
azkenez, Ricardo de la Cierva eta haren gisako beste batzuentzat
biktima horiek ez daukatela kexa-txinta bat ateratzeko eskubiderik,
eta ateratzen badute, «malko-jario», «sentimental»
edo antzeko kalifikatzaile-karkaxak jasotzen dituztela. Biblian
dauden lerro batzuk etortzen zaizkit gogora: «Euli hilek
lurringilearen olioa kutsatzen eta kirasten duten bezala…».