| |
| |
|
|
| |
Hasiera |
|
| |
|
|
| |
Obabako eskolan geunden, maistra berria pupitrez pupitre zebilen.
«Zein da zure izena?», galdetu zidan nire txanda heldutakoan.
«Joxe –erantzun nuen–, baina den-denek Joseba
deitzen didate.» «Oso ondo.» Maistra nire alboan
eseritako mutilarengana zuzendu zen: «Eta zuk? Zer izen duzu
zuk?». «Ni David naiz. Baina den-denek soinujolearen
semea deitzen didate», erantzun zuen nire kideak burlati.
Ikasle guztiak, zortzi edo bederatzi urteko umeak, barrez hasi ziren.
«Zure aita soinujolea al da, ba?», galdetu zion maistrak.
Davidek baiezkoa eman zion. «Niri musika izugarri gustatzen
zait. Egun batean eskolara etortzeko esango diogu zure aitari.»
Maistrak oso pozik zirudien, benetako albiste on bat hartu berritan
bezala. «Davidek berak ere oso ondo jotzen du. Artista bat
da», adierazi nion nik. «Egiatan?» Harrituta zegoen
maistra. Da-videk ukondoarekin jo ninduen saihetsean. «Bai,
egia da –ekin nion–, eta soinua hortxe dauka gainera,
sarrerako atearen ondoan. Eskolatik ateratakoan aitarengana joaten
baita entseatzera.» Esaldia kostata bukatu nuen, Davidek ahoa
tapatu nahi izan zidalako. «Zer ederra litzatekeen gure lehen
egun hau musikarekin bukatzea! –hots egin zuen maistrak–.
Zergatik ez diguzu pieza bat jotzen, David?» |
|
| |
|
|
| |
Burumakur, eskaera bete beharrak etsipen handia emango balio bezala,
nire kidea soinuaren bila joan zen. Maistrak aulki bat jarri zuen
eskolako mahai nagusiaren gainean. «Holaxe! Denok ondo ikusteko
moduan!», hots egin zuen amultsu. Minutu bat geroago, David
aulki hartan eserita zegoen, magalean soinua. Denok txaloka hasi
ginen. «Zer eskainiko diguzu?», galdetu zion maistrak.
«Padam Padam», esan nuen nik aurrea hartuz. Banekien
ondo jotzen zuela pieza hura. Nahitaezko gaia zen urte hartako Akordeoi
Lehiaketan, eta bere aitak behin eta berriro joarazten zion. Davidek
gogaitu aurpegia jarri nahi izan zuen oraingoan, baina lortu gabe.
Pozik zegoen bera ere, gustatu egiten zitzaion eskolako kanpeoia
izatea, neska koskorren artean batez ere. «Ba, umeak –esan
zuen maistrak aurkezle manerak hartuz–, holaxe bukatuko dugu
gure lehen eguneko klasea, musikarekin. Aitortu behar dut ikasle
zintzo eta atseginen itxura hartu dizuedala, eta nire ustez oso
ondo konponduko garela eta asko ikasiko dugula.» Keinu egin
zion Davidi, eta Padam Padam doinuaren notek bete zuten eskola.
Arbelaren ondoan, egutegiak 1957ko iraila zela adierazten zuen. |
|
| |
|
|
| |
|
|
| |
Berrogeita bi urte geroago, 1999ko irailean, David hila zen eta
ni bere hilobiaren aurrean nengoen bere emazte Mary Annekin Stoneham
rantxoko hilerrian. Gizon bat epitafioa zizelkatzen ari zen hiru
hizkuntzatan, ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz: «Ez zen
inoiz paradisutik hurbilago egon rantxo honetan pasatako denboran
baino». Davidek berak idatzitako hileta-otoiaren hasiera zen,
zeinek, osorik, honela zioen: «Ez zen inoiz paradisutik hurbilago
egon rantxo honetan pasatako denboran baino, eta zenduari kosta
egiten zitzaion zeruan hobeto egon zitekeenik pentsatzea. Mary Ann
bere emazteari eta Liz zein Sara bere alabei agur esan beharrak
bihotza urratu zion; baina, bidaiara huts-hutsik abiatzeko ausardiarik
gabe, ez zitzaion esperantza izpi bat falta izan, eta Jainkoari
eskatu zion zerura eraman zezan eta kokatu bere osaba Juanen, bere
ama Carmenen eta Obaba bere jaioterrian izan zituen aspaldiko adiskide
haien ondoan…». |
|
| |
|
|
| |
«Behar al duzu gure laguntzarik?» «Can we help
you?», galdetu zion Mary Annek zizelarekin ari zen gizonari
gu bion arteko gaztelaniatik ingelesera pasatuz. Gizonak pixka batean
itxoiteko keinua egin zuen eskuarekin. |
|
| |
|
|
| |
Hilerri txikian beste bi hilobi zeuden, oso soilak: Daviden osabarena
–«Juan Imaz. Obaba 1916-Stoneham Ranch 1992. Bi bizitza
behar nituen, bakarra izan dut»– eta rantxoaren lehen
jabearena –«Henry Johnson, 1890-1965»–.
Bazter batean, jostai- luzkoak ziruditen beste hiru hilobi ñimiño
ere ageri ziren lerroan. Tommy, Jimmy eta Ronnie hamsterrenak, Davidek
esana zidanez rantxoaren terrenoetatik emandako paseo batean. |
|
| |
|
|
| |
«Aurrena hamsterrak izan ziren –azaldu zidan Mary
Annek–. Daviden ideia izan zen, lur bigun honen azpian maskotek
goxo-goxo egingo zutela lo kontatu zien umeei, eta kontsolamendu
handia hartu zuten horrekin. Baina handik gutxira zukua egiteko
aparatua hondatu zitzaigun, eta Lizek –orduan seiren bat urte
izango zituen– hari ere lur eman behar zitzaiola esan zuen.
Eta hurrena barbakoaren gainera erori eta pixka bat erre zen plastikozko
ahate baten txanda izan zen. Gero, berriz, pitzatutako musika-kutxa
batena. Halako batean konturatu ginen umeek propio hondatzen zituztela
jostailuak, batez ere Sara txikiak. Davidek hitzena asmatu zuen
orduan. Esan zizun hitzena?» Ezetz egin nion buruaz. «Ba,
zuen hitzak lurperatzen ibili ziren bolada luze batean.» «Gure
hitzak?» «Zuen hizkuntzakoak. Ez zizun esan, hortaz.»
Ostera ere ezetz egin nion. «Nik uste nuen zuen paseoetan
gai guztiak harrotu zenituztela.» Mary Annek burlati hitz
egin nahi izan zuen, Daviden eta beraren artean maiz erabili bide
zuten tonuan, baina ez zitzaion erabat atera. «Denbora gehiena
gazte garaietako kontuekin aritu ginen. Baina, ez pentsa, zuen bion
arteko love-story-a ere kontatu zidan.» |
|
| |
|
|
| |
Hilabete inguru neraman Stonehamen, eta David eta bion arteko
hizketaldiek zinta asko hartuko zituzketen. Baina ez zegoen grabaziorik,
soilik nire oroimenean gelditutako hitzak. |
|
| |
|
|
| |
|
|
| |
|
|
|
|