| |
| |
|
|
| |
Pirpo eta Txanberlain, hiltzaileak |
|
| |
|
|
| |
Ez batak eta ez besteak ez zekiten zer zen kortsikarraren patentea,
baina 1936tik 1940ra arteko denboran norbaitek argitu izan balie
esanahia, biek batera erantzun izango zuketen: «Guk daukaguna,
orduan!». Arrazoi handiz, gainera: bi lagun haiek, Espainiako
gerra zibilaren aurreko garaietan kamioi batekin ibilitakoak kabaretetarako
jende-bilketak egiten, lapurretan ere ibilitakoak ferietan eta baserri
bideetan, nornahi hil zezaketen baldin eta –baldintza bakarra–
Don edo Doñaren batek seinalatuetakoa bazen. Eta berek, noski,
hil zezaketen guztia hiltzen zuten, hiltzaileak zirelako eta Onaren
alde ari zirelako… «azken batean». |
|
| |
|
|
| |
Pirpok dantzari bat ematen zuen, lirain-liraina zen. Txanberlainek
antz handiagoa zeukan lehoi hezitzaileekin. Bidean pailazoren bat
aurkitzen zutenean zirku-talde polita osatzen zuten hirurek. Eta
zirkuaren lema zen: «Saio bakarra, damutuko zara bertan gertatuz
gero». Saio haietan parte hartutakoak omen ziren Portaburu,
Obabako nekazaria, Donostian harrapatua eta Goena zaharra zein Goena
gaztea, Obaban bertan erailak. Txanberlainek egin omen zien tiro
buruan Pirpok vals pauso batzuk ematen zituen bitartean. |
|
| |
|
|
| |
Don eta Doñek zuhurrago jokatu nahi izan zuten 1940tik
aurrera. Pirpo eta Txanberlainen zirkua oso ikusia zegoen, emanaldi
gehiegi zeramatzan, eta itxura batera ez zeukan harrera onik beste
nazioetan. «Ikusi dugu nahikoa dantza eta nahikoa lehoi-jostaketa
–zioten Don eta Doñek–. Epaiketen txanda da orain,
epaiketak ere ez dira hutsaren hurrengo ikuskizuna.» Handik
aurrera, Pirpok eta Txanberlainek hainbat aldaketa nozitu zituzten
beren egoeran, eta kezkatuta ere ibili ziren aldi batean, balio
handiko zerbait galdu izan balute bezala. «Kortsikarraren
patentea galdu diagu», esan nahi izan zion egun batean Pirpok
Txanberlaini. Baina esamoldea ezagutzen ez zuenez, isildu egin behar
izan zuen, eta harra, egonezina, barruan geratu zitzaion. Dantzarako
gogorik gabe ibili zen bolada hartan. |
|
| |
|
|
| |
Pirpori xanpaina gustatzen zitzaion izugarri, eta harizko manteletan
langosta, misera eta gainerako itsas fruituak jatea; Txanberlainek,
berriz, kabaret bazterretan uzten zuen bere dirurik gehiena, emakumeek
ez ziotelako, Pirpori bezala, bere aurpegi politagatik amore ematen.
Egoera berrian, diru premia arazo larria bihurtu zitzaien berehala.
Ez zeukaten negozioetarako bururik, ez zikinetarako eta ez garbietarako;
ezin zuten, beren kultura gutxiagatik, postu altu samarrik lortu
gobernu-enpresetan, ezinezkoa zitzaien, bestalde, beren burua estanko
batean edo taxi batean imajinatzea, eta segituan ukatu zuten Don
batek zentzu horretan egindako eskaintza. |
|
| |
|
|
| |
Beren zirkua eraiki zuten berriro, eta Portugaldik isilka alde
egindako emigranteak Frantziara pasatzeko eginkizuna hartu zuten.
Jaso halako hamar edo hamabi mugan, Salamanca aldean, ekarri kamioian
gordeta Pirinioetaraino, eta –Pirpo aurresku, Txanberlain
atzesku– Anso eta Echo bezalako haranetan uzten zituzten.
«Hau da Frantzia –esaten zieten–. Segi bidean
gora oinez, eta bi ordutan Tarbesen zarete.» Portugaldarrak,
bi ordutan, guardia espainiarren kuartel batera iristen ziren; bi
egunetan Tras os Montesera edo El Alentexora. Lehengo tokira, baina
lehengo dirurik gabe. |
|
| |
|
|
| |
Batzuetan okertu egiten zen zirkuaren errepresentazio hura, eta
portugaldarrek ez zuten sinetsi nahi izaten, protestaka hasten ziren,
Frantzian zeudelako froga bat eskatzen zuten. Pirpok –aurreak
erakusten du atzea nola dantzatu– erantzun egiten zien, protestaka
hasten zen bera ere, lanturuka konfiantza faltagatik. Gero, Txanberlain
zegoen aldera jotzen zuen. «Bestela, galdetu honi»,
esaten zien portugaldarrei. Eta portugaldarrek pistola bat ikusten
zuten lehoi hezitzaile itxurako gizon haren eskuan, eta, isildu
ez ezik, kuxkurtuta jartzen ziren lurrean. |
|
| |
|
|
| |
1944. urtea iritsi zenerako Pirpo oso nekatua zegoen, eta aurreko
garaien mira bilatzen zuen, suerte handiagoz ibili zelako orduan,
hainbesteko gorabeherarik gabe, erosoago, aberatsago –«kortsikarraren
patentearekin», esan izango zuen esamoldea ezagutu izan balu–.
Ez zuen bere bizitza guztia kamioiarekin pasa nahi, Portugaldik
Pirinioetara eta Pirinioetatik Portugalera. Zerbait egin beharra
zeukaten. Edo, bestela, zirkua itxi. Baina zirkua itxita, nola ordaindu
xanpaina, langostak, miserak, itsas fruituak? Nola ordaindu Txanberlainek
emakumeen amoreak? |
|
| |
|
|
| |
Don edo Doña batek mezu larri bat bidali zien ustekabean.
Adineko senar-emazte batzuk zeuden Lourdesen gidari zain. Lehenbailehen
gurutzatu nahi zituzten Pirinioak Espainiara etortzeko, eta izugarri
ondo ordainduko zuten laguntza. Mezua jasotzearekin batera, Pirpo
dantzan hasi zen: tankera ona hartzen zion enkarguari. Egun eta
erdi geroago, Lourdesera iritsi eta xehetasunak ezagutu zituenean,
dantzan ez ezik jauzika hasi zen: hegan ere egin izango zukeen ahal
izatera. |
|
| |
|
|
| |
Txanberlaini kontatu zion hiri santu hartako hoteltxo batean:
«Badakik nola deitzen dioten Espainiara pasa nahi duen agure
horri? Le Roi du Champagne! Xanpainaren erregea! Izugarri abera-tsa
omen duk! Bere neskameak esan didana egia bada, harribitxi eta diruz
betetako maleta bat zeramatek… |
|
| |
|
|
| |
Txanberlain ez zen ardailazalea. «Zergatik alde egin nahi
du Frantziatik halako aberatsa izanda?», jakin nahi izan zuen.
Pirpok azaldu zion orduan De Gaulle izeneko militar bat jaun eta
jabe zela Frantzian, eta Le Roi du Champagne hark Pétain
jeneralari lagundu ziola asko, eta beldur izugarria zeukala, ez
ote zuen De Gaullek fusilatuko. «Eta zergatik esan dik neskameak
maletarena?» Hura ere jakin nahi izan zuen Txanberlainek.
«Oso mutil polita naizelako», erantzun zion Pirpok vals
pauso batzuk emanez. Txanber-lainek burua astindu zuen. Beti kontu
berbera emakumeekin. Berari dirua eskatzen zioten; Pirpori eman
egiten zioten, edo adierazi non aurki zezakeen. «Zer ondo!
Elurra!», hots egin zuen Pirpok leihotik begiratuz. «Zer
nahi duk azaroaren bukaeran!» «Ez haiz jabetzen, Txanberlain»,
esan zion Pirpok. «Bai, jabetzen nauk. Maleta hori kendu eta
hil egingo ditiagu.» Aspalditik zebiltzan zirku hartan lanean,
ondo ezagutzen zuten elkar. |
|
| |
|
|
| |
Pirporen pentsamenduak sakonak ziren, eta gau hura, irteera aurrekoa,
deseroso pasa zuen. Maleta kendu behar zieten, hil egin behar zituzten,
baina nola? Bera konturatzen zen ondo: Txanberlain eta biak ez zeuden
jada 1936an edo 1937an, ezta 1938an, 1939an edo 1940an ere, eta
urte haietan izandako zerbait falta zitzaien orain –«kortsikarraren
patentea» esan izango zion bere buruari eskolatuagoa izatera–.
Ezin zuten aurreko garaietan bezala hil. Are eta gutxiago Le Roi
du Champagne bezalako pertsonaia bat. Goizaldean, ohetik jaiki eta
leihora joan zen. Elurra ari zuen orduan ere. Gero eta elur gehiago.
Pirinioetako bide guztiak estalita egongo ziren ordurako, ibiltzeko
zailak. |
|
| |
|
|
| |
Bat-batean, Pirpok dantza alai bati ekin zion, eta jauzika jo
zuen Txanberlainek lo egiten zuen gelara. «Eureka!»,
hots egin izango zuen esamoldea ezagutzera; baina «kortsikarraren
patentearekin» bezala gertatzen zitzaion, eta hitz lodiak
baizik ez zitzaizkion etorri burura. «Bazekiat nola egingo
dugun!», esan zion bere kideari. Logalea zeukan Txanberlainek,
eta ez zuen hutsaren hurrengo kontuekin denbora galdu nahi. «Nik
ere bazekiat nola egingo dugun! Buruan harri batekin eman eta kitto!»,
esan zion haserre. «Entzun ezak, zekena!», egin zion
oihu Pirpok besotik heldu eta astinduz. «Ez hadi harrotu,
Pirpo!», esan zion Txanberlainek begiak zabalduz, eta Pirpok
barkapena eskatu zion «zekena» deitzeagatik. Hainbeste
denbora zirku berean, eta halere ikara ematen zioten bere kidearen
begiek. |
|
| |
|
|
| |
Pirporen ideia oso ona zen, eta oso erraza aurrera eramateko orduan.
Abiatuko ziren mendian gora, elurretan, eta okerreko bidetik eramango
zituzten le Roi du Champagne eta bere emaztea. «O, barkatu,
nahastu egin gara –esango zieten handik ordu batzuetara, elurretan
eta aldapan gora ibili eta gero–. Eguraldi honekin ez da erraza
asmatzea. Atzera egin beharko dugu.» Eta atzera egingo zuten,
eta beste bide bat hartu. Eta berriro: «Nahastu egin gara
oraingoan ere». Eta beste bide bat, beste ordu batzuk elurretan
eta aldapa gora oinez. Hoztuta, bustita. Eta berriro ere: «Orain
ere bai! Nahastu egin gara hirugarren aldiz». «Nik ikusi
ditiat, Txanberlain –zehaztu zuen Pirpok–. Hirurogeita
hamar urte ingurukoak dituk biak. Zortzi-hamar ordu elurretan oinez
eta nekeak egingo ziguk lana. Berak emango ziek heriotza.»
«Eta zergatik horrenbeste komedia? Zergatik ez ditugu garbitzen
hiritik atera eta segituan?», tematu zen Txanberlain. «Frantsesak
dituk. Jende diruduna. Gure eskuekin hiltzen baditugu, auskalo,
agian kontuak eskatuko zizkigutek gero. Eta Frantzian ez zeukaagu
babesik.» Ez zuen «kortsikarraren patentea» esamoldea
erabili, baina hortxe-hortxe ibili zen. |
|
| |
|
|
| |
Bi hilabete geroago, 1945eko urtarrilaren bukaeran, biek ala biek
ere lasai egin zuten Pariserako bidaia. Polizia artean, baina lasai.
Txanberlain haserretua zegoen –«ergelak gaituk, neskamea
hil behar genian aurrena»–, baina ez kezkatuta. Pirpok
zioen bezala: «Guk ez genian ezer egin, hotzak eta mendiak
izan zitean errua». Gero, bizi osorako kartzela eman zietenean,
hain zuzen ere epaimahaiak krudelkeriatzat jo zuelako Le Roi du
Champagne eta bere emaztea hiltzeko era mantso eta kalkulatu hura,
eta zigorra gogortu horregatik, harrituta geratu ziren, batez ere
Pirpo. «Baina zer uste zenuen zuk? –esan zion epaileak–
Kortsikarraren patentea zeneukala?» Bera isilik geratu zen,
baina aurkitu egin zuen, azkenean, aspalditik falta zitzaion esamoldea.
Ez zuen egundo ahaztuko. |
|
| |
|
|
| |
Txanberlain lau urte geroago hil zen Martinikako kartzela batean
presoen arteko liskar batean. Pirpok, berriz, hamalau urte behar
izan zituen bere ohizko lagunartera itzultzeko. Don eta Doña
batzuek onartu egin zuten berriro familian, zeren, nahiz eta sentsibilitate
politikoaren aldetik kideko izan, Le Roi du Champagne eta bere emaztea
frantsesak ziren… azken batean. Gainera, ezin zen jakin, etorkizunean
ere beharko zuten agian Pirpo bezalako laguntzaile leialik. Gero
eta greba gehiago zegoen, gero eta lotsagabeago zebiltzan Franco
jeneralak ezarritako erregimenaren etsaiak. Baina Pirpok, bakarrik
geratzen zenean, ezezkoa egiten zuen buruaz. Ikasita zeukan lezioa.
Ez zen hori eta horrenbestez itzuliko ekintzara. Aurrez, kortsikarraren
patentea eskatuko zuen, 1936, 1937 eta hurrengo urteetan izandako
huraxe. |
|
|
|